lunes, 23 de mayo de 2011

Edith Stein

Edith Stein(Wroclaw, garai hartan Prusia, gaur egun Polonia, 1891ko urriaren 12a - Auschwitzeko kontzentrazio esparrua, 1942ko abuztuaren 9a) filosofo judu-alemaniarra, moja karmeldarra eta Eliza Katolikoko santua izan zen. Ofizialki Gurutzeko Teresa Benedikta izenez kanonizatu zuten arren (moja zeneko izena, alegia), gehienbat jatorrizko izenez ezagutzen da (Edith Stein).


Edith Stein Wroclaw hirian jaio zen, garai hartan Prusiaren barnean zegoen herrian. Bere gurasoak judu sinestun eta praktikanteak ziren. Txikitatik argitasun handia erakutsi zuen eta horrek ikasketetarako erraztasuna eman zion. Umetatik bere amaren sinesmen sendoa miresten zuen, bereziki umea zela aita hil zitzaionetik amak hartu zuelako familiaren kargu guztia. Hala ere, gaztaroko lehen urteetan erlijiotik aldendu eta agnostizismora, lehenbizi, eta ateismora, geroago, hurbildu zen.
1913an Göttingeneko unibertsitatean sartu eta fenomenologiara gerturatu zen. 1916an Freiburgeko unibertsitatean filosofiako doktoretza lortu zuen (Alemaniako lehenengotariko emakumezkoa), Edmund Husserlen fenomenologia aztertuz (Enpatiaz izeneko tesia aurkeztu zuen). Tartean, Lehenengo Mundu Gerran erizain lanetan aritu behar izan zen. Gerra amaitu ondoren unibertsitate horretan filosofiako irakasle egin zuten, Husserlen laguntzaile.
Gerraren esperientziak bilaketa filosofiko eta erlijiosoan murgilarazi zuen; filosofia kristaura gerturatu zen pixkanaka, baina bere bizitzako aldaketa garrantzitsuena Avilako Teresaren autobiografia irakurri ondoren gertatu zitzaion (1921ean) eta, ondorioz, erlijio katolikoan sartzea erabaki zuen. Aldi berean, kristau filosofiaren eta fenomenologiaren arteko harremanak ikertzen aritu zen eta emakumearen egoerari buruzko hausnarketak plazaratu zituen. Besteak beste, Tomas Akinokoaren De Veritate (Egiaz) lana alemanera itzuli zuen.
Santa Teresaren autobiografiak eraginda, 1933an Koloniako karmeldarren komentuan sartzea erabaki zuen, Gurutzeko Teresa Benedikta izena hartuz. Komentuko zuzendariek Edith-ek idazten eta ikertzen jarrai zezala nahi zuten, baina ordurako nazien boterea handia zen eta judutar jatorrikoa zenez ezin izan zuen ezer gehiago argitaratu. Horrela, garai hartan idatzi zuen bere lanik garrantzitsuenetakoa, Endliches und ewiges Sein (Izaki finitua eta Izaki betierekoa), nahiz eta ez zen 1950era arte argitaratu.
Nazien arriskutik ihes egiteko, Edith eta bere ahizpa Rosa (hau ere katoliko bihurtu eta komentu berean sartu zen) Herbehereetako komentu batera bidali zituzten 1939an. Hala ere, hurrengo urtean naziak herrialde hura bereganatu zuten. Holandako eliz agintariek katolikoei naziekin ez kolaboratzeko deia egin zieten eta 1942ko uztailean juduen aurkako Holokaustoa gaitzesteko gutuna kaleratu zuten. Agintari naziek, horren aurrean, katolizismora bihurtutako juduak atxilotu eta kontzentrazio eremuetara eramateko agindu zuten. Suitzara ihes egitekotan zeudela, 1942ko abuztuaren 2an, atxilotu zituzten Edith eta Rosa ahizpak eta Auschwitzera eraman zituzten. Han gas-kameratan sartuta hil zituzten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario