miércoles, 18 de mayo de 2011

HIPATIA

Hipatia (Alexandria, Egipto, 370 - 415) emakumezko zientzialari, filosofo, neoplatoniko eta maisua izan zen, bere jakinduria eta ikasketekin matematikaren eta astronomiaren garapenean lagundu zuena.

Hipatia Alexandrian jaio zen IV. mendearen erdialdera. Aita, Alexandriako Teon matematikari eta astronomo ospetsu bat zen, bere garaikideek maite eta errespetatzen zutena eta bertako liburutegian lan egiten zuena, k.a. 48 urteko sutean desagertu zen Alexandriako Liburutegi mitikoaren ordez eraiki zena. Teon ez zen konforme bere jakinduria berarentzat eta bere ikasleentzat soilik gordetzen, eta bere alabari erakutsi zizkion, gauza harrigarria IV. mendean. Hipatia, jakinduria orori irekia, giro akademiko eta kulturadunean hezi zen. Historialari batzuen arabera, alaba aitari gailendu zitzaion eta Teonen idazki asko benetan Hipatiarenak direla uste da.

Erlijio ezberdinen historia, oratoria, filosofia eta irakaskuntzaren printzipioei buruz ere ikasi zuen. Atenas eta Erromara bidaiatu zuen, betiere ikasteko eta irakasteko grinarekin. Hipatiaren etxea bere famak erakarritako mundu osoko ikasleak batzen zituen egoitza bihurtu zen. Bere ikasleetako batzuei esker, Zireneko Sinesio eta Hesikio Hebreetarra, bere idazkiei buruzko informazio asko iritsi zaigu, liburu originalak galdu ziren arren. Epaileek berarekin kontsultatzen omen zuten sarri, politikan eragin handia zuen eta mekanika eta teknologiarekin ere interes handia zuen. Badakigu ura iragazteko makina bat, likidoen dentsitatea neurtzeko hidrometro bat eta uraren maila neurtzeko aparailu bat asmatu zituela.

Hipatia jentila zen ordea eta garai latzak pasa behar izan zituen. Gero eta kristauagoa zen hiri hartan bizitzea oso arriskutsua egitera heldu zitzaion. Bera bezalako filosofo neoplatonikoak ere jazarriak izan ziren. Asko kristau egin ziren arren, eta beldurrari eta lagunen aholkuei kasu egin gabe, Hipatiak ez zuen men egin. Hipatia sorgin arriskutsu bihurtu zen askorentzat
412an, Alexandriako Zirilo apezpikua patriarka izendatu zuten, Alexandria, Konstantinopla eta Jerusalemen Erromako Aita Santuaren adinako maila zuen kargua. Zirilok, gerora santu izendatuko zutena, paganismoaren aurka gogor egin zuen . Frogarik ez dagoen arren, historialariek Zirilo izan zela uste dute Hipatiaren heriotzaren erantzule nagusia.

Zirilok, bere senean emakume hau miresten zuen arren, ez zuen ametitu emakume bat zientzian jardutea, gainera gehiengoarentzat hain arraroa zen zientzia batean, eta horregatik bere aurkako gorroto eta fanatismo giro bat eragin zuen, sorgina eta jentila deituz. 415 urteko martxoan, Nikioko Jon izeneko VII. mendeko apezpiku baten idazkien arabera, Hipatia fraide fanatiko batzuk erail zuten. Jipoitu, biluztu eta hiri osoan zehar arrastaka eraman zuten tenplu batera, han azala eta gorputza ebaki zizkioten maskor zorroztuekin hil zen arte; gero gorputza zatikatu eta Zinaron izeneko leku batean erre zuten, horrela, beraien ustez, heresiarekin amaituz.

Hilketa honen ikerketa martxan jarri zen arren, "lekuko faltak" eta Ziriloren trabek bertan behera bota arazi zuten. Hipatiaren heriotzarekin Platonen pentsamenduaren amaiera etorri zen, ez Alexandrian bakarrik, baizik eta Inperio osoan. Zientziekiko interesak gainbehera egin zuen eta Historia aro ilun batean sartu zen. Bizantzion mantendu ahal izan zuen eta denbora batera mundu musulmanean pizkunde bat izan zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario